XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IV EKITALDIA. I ESZENA.

(Erroma. Gela bat ANTONIOren etxean) (ANTONIO, OKTAVIO eta LEPIDO sartzen dira).

ANTONIO - Orduan, guzti horiek hil beharrak dira: izenak markaturik daude.

OKTAVIO - Zure anaia ere hil beharra da: onartzen al duzu, Lepido?

LEPIDO - Onartzen dut.

OKTAVIO - Marka ezazu, Antonio.

LEPIDO - Publio, zure arrebaren semea bizi ez dadin baldintzarekin, Marko Antonio.

ANTONIO - Ez da biziko: begira orban batekin kondenatzen dut. Baina Lepido, zoaz Zesarren etxera, ekar ezazu hona hilburukoa, eta erabakiko dugu nola ezeztatu kargu batzu legazioetan.

LEPIDO - Zer, hemen aurkituko al zaituztet?

OKTAVIO - Edo hemen, edo Kapitolioan. (Badoa LEPIDO).

ANTONIO - Gizon arina da hau eta pisu txikikoa, mandatuak eragiteko egokia: ongi al dago mundua hiru ataletan banatzean, bera partea izango duten hiruetako bat izatea?

OKTAVIO - Halakotzat hartu zenuen zuk, eta berari botua eskatu zenion gure zerrenda beltzean eta deserrian hiltzeko markatua izan behar zuenaren gain.

ANTONIO - Oktavio, zu baino luzaroago bizi izan naiz, eta zenbait zama kaltegarriz geure burua arintzeko gizon honen gain halako ohoreak ezartzen ditugun arren, astoak urrea eramaten duen eran bakarrik eramango ditu berak, marruaka eta inkezaka nekearen azpian, guk seinalatutik gidatuta eta bultzatuta: eta nahi dugun tokira geure altxorra eraman ondoren, zama deskargatu eta bidali egingo dugu zamarik gabeko astoa bezala belarriei eragin eta belardietan larrean egitera.

OKTAVIO - Nahi duzuna egizu, baina soldadu frogatu eta bulartsua da.

ANTONIO - Nire zaldia ere bada, Oktavio, eta horregatik eman erazten diot garaga-aino bikaina: burrukatzen, bihurtzen, gelditzen, zuzen laster egiten irakasten diodan biziduna da, beraren gorputz mugimenduak nire espirituak gobernatzen dituelarik.

Eta, hein batean Lepido horixe besterik ez da: irakatsi, bezatu eta agindu egin behar zaio ibil dadin: espiritu antzuko gizona da hondar, uzkin eta imintzioz elikatzen dena, erabilpidez kanpo eta beste gizon batzuk gastatuta daudenez, baina berarentzat sapan egotean hasita daudenez. Ez hitzegin beratzaz gauza batez bezala ez bada.

Eta orain Oktavio, gauza handiak entzun: Bruto eta Kasio indarrak biltzen ari dira. Berehalaxe eman behar diogu aurre; geure elkargoa egin bezain laster, geure adiskiderik hoberenak bildu, bitartekoak prestatu eta goazen berehala kontseiluan bilera egitera nola arazo sekretuak ager daitezkeen erabakitzera eta arrisku nabariak modurik hoberenean eragotziak.

OKTAVIO @- Honela egin dezagun: ze hemen bait gaude taketari loturiko hartzaren modura, etsai ugariz inguraturik, eta beldur naiz irribarrezka ari diren askok ez ote dauzkaten beren bihotzetan alehunka asmo gaizto.

(Badoaz).